Páginas

miércoles, 25 de enero de 2012

Zer esan nahi du "Virgen" ama? eta beste galderak...

Haurren galderak beti erantzun behar dira? Gure senak baietz esaten digu, haur baten barneko gura eta dudak asetu behar ditugula. Orain eta hemen.
Beno, batzuetan bai, agian, baina ez beti.
Eta are gutxiago gure hezitzaile lanean, nire ustez. Hezkuntzaren helburua, azken finean, neska mutilen jakin-nahi eta jakin-mina, kuriositatea, piztea da, suspertzea. Batzuetan ordea, erantzun soilek jakinmin hori itzali dezakete, edo are gehiago, jakin-nahi horren benetako teklak sakatu gabe gera daitezke. Agian ez dugu galdera horren azpian dagoen benetako galdera erantzuten asmatuko. 


Bestalde, erantzunak ematea,erantzunak jasotzea, besterik gabe, ez ditu barneko asmoak asetzen. 
Gelan ere hori ikusten dugula esango nuke. "Nolakoak ziren dinosauroak?", galdetu dezake ni bezalako andereñoak (eta nik neuk, ze demontre!) "Handiak eta txikiak", erantzungo dute, ziurrenik, aho batean. Erantzuteko trebatzen ditugulako haurrak.
Baina galderak egiteko, sortzeko eskatzen badiezu,... hor asten dira komeriak. Galderak? Guk?? Ba bai, galderak egitea oso interesgarria da, gure ingurua ezagutzeko grina pizten dute galderek, erantzunak bilatzeko gogoa hain zuzen. Eta ez dago jakintza garrantzitsuagorik, norberak aurkitzen duena baino, norberak sortzen duena. Badakigu haurrak galderaz beteta daudela, hori ezingo dugula edonola gelditu, ezta nahi ere. Baina erantzunen bilaketan, norbanakoaren prozesu horretan, asetzen dira dudak. 

Bilaketa horretan, bestalde, ez dira erantzunak bakarrik aurkitzen, galdera berriak ere sortzen dira. Hor dago koxka. Galderak eta galderak. Galderei esker asmatu izan zuten, seguruenik, gurpila gure lehen gizakiek. 
Guk ere, haien antzera, mundua ulertzeko nahi eta behar horretan jarraitzen dugu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario